Siria
Wikipedia(e)tik
|
|||||
Lema nazionala: Ez du | |||||
Ereserkia: Homat el Diyar | |||||
Hiriburua | Damasko 33°30′N 36°18′E |
||||
Hiri handiena | Damasko | ||||
Hizkuntza ofiziala(k) | Arabiera | ||||
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa |
Errepublika Bashar al-Assad Muhammad Naji al-Otari |
||||
Independentzia - Aldarrikatua (1) - Aldarrikatua (2) - Onartua |
Frantziatik 1936 iraila1 1944 urtarrilaren 1 1946 apirilaren 17 |
||||
Azalera - Guztira - ur % |
185.180 km² (87.) 0,06% |
||||
Biztanleria - Estimaketa 2005 - Errolda - Dentsitatea |
18.448.752 (55.) 99 biztanle/km² (76.) |
||||
Dirua | Siriako Libera (SYP ) |
||||
Ordu eremua - Udan (DST) |
UTC (UTC +2) Ez (UTC +2) |
||||
Interneteko domeinua | .sy | ||||
Telefono aurrizkia | +963 |
||||
Gentilizioa | siriar | ||||
1Frantzia-Siria Independentzia Ituna (1936) Frantziak berretsi gabea. |
Siria, edo ofizialki Siriako Errepublika Arabiarra, Ekialde Hurbileko estatua da, zati batean Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Libano mendebaldean, Israel hego-mendebaldean, Jordania hegoaldean, Irak ekialdean eta Turkia iparraldean. Israelek herrialdearen hego-mendebaldean Golaneko Gainak okupatzen ditu eta Turkiari Hatay probintziaren agintea eskatzen dio.
Hiriburua Damasko da.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Artikulu nagusia: Siriako geografia
Siriako zatirik handiena goi ordoki lehorra da, nahiz eta ipar-mendebaldea nahiko berdea izan Mediterraneo ertzean baitago. Estatuaren ipar-ekialdea (Al Jazira) eta hegoaldea (Hawran) landa lur zabalez osatuak daude. Eufrates ibaia, Siriako garrantzitsuena, ekialdea zeharkatzen du eta "Zibilizazioaren Sorlekua" delakoa osatzen duten hamabost herrialdeetako bat da.
Hiri nagusiak Damasko hiriburua, Alepo eta Homs dira. Beste hiri garrantzitsuak kostaldean kokatzen dira.
Siriako klima lehorra eta beroa da, eta neguan epela. Duen garaiera dela-eta, neguan elurra ere egiten du.
[aldatu] Historia
Sakontzeko, irakurri: Siriako historia
[aldatu] Antzinatea
Siria Munduko zibilizaziorik zaharrenetako jaiolekua zela frogatu du arkeologiak. 1975ean aurkitutako Ebla hiriaren inguruan inperio semitiko handia eratu zen, zein K. a. 2500 eta K. a. 2400 bitartean Itsaso Gorritik, egungo Turkiara eta Irakera hedatzen zen. Eblako hizkuntza familia semitikoan idatzitako lehena da adituen ustetan. Izan ere, Eblako jauregian Antzinateko agiritegirik zaharrenetakoa eta handienetakoa aurkitu zen. Buztinezko 17.000 taula baino gehiago dauzka, non industria, diplomazia, salerostea, artea eta nekazaritza diren hizpide nagusiak. Ebla ezaguna zen bi industria mota zela eta: alde batetik, zur, boli eta perlen lanketaz; eta, bestetik, zetaz. Gaur egun ere industria horiek, Eblako ohiturari jarraiki, ekoizpen garrantzitsua daukate.
Indusitako beste hiri inportanteak Mari, Ugarit eta Dura Europos dira. Marin jauregiak, tenpluak eta muralak aurkitu ziren. Hortaz, kulturalki eta komertzialki hiri garatua izan zen. Ugariten gizakiak izan zuen lehen alfabetoa kausitu zen.
Siria herri askoren menpean egon zen: kanaandarrak, israeldarrak, aramearrak, asiriarrak, babiloniarrak, pertsiarrak, greziarrak, armeniarrak, erromatarrak, nabatearrak, bizantziarrak, arabiarrak, eta, neurri batean, gurutzatuak ere bai. Azkenean, otoman turkiarrek menderatu zuten herrialdea.
Kristautasunaren historian ere, Siriak garrantzi handia izan du. Paulo Tarsokoa, gerora San Paulo izango zena, Damaskorako bidean kristautu zen. Aurkitu den lehen eliza kristaua Dura Europosen zegoen.
[aldatu] Islamiar Aroa
Damaskok K. a. 3000tik du biztanleria jarraia. Musulmanek 636an konkistatu zuten. Omeia Inperioko hiriburu bihurtuta, hortik Iberiar Penintsula eta Erdi Asiaren tarteko lurrak gobernatzen ziren 661tik 750 arte. Omeiarrak Abbasidarrek kendu zuten boteretik 750ean, eta euren inperioko hiriburua Baghdad izan zen.
Damasko probintzia bateko hiriburua bihurtu zen Mamelukoen Inperioan. Tamerlan mongoliar konkistatzaileak hiria suntsitu zuen 1400an. Hango artisauak Samarkandara eraman zituen. Berriro eraikia, 1517an Otoman turkiarrek hartu zuten. Haien menpean egon zen hurrengo lau mendeetan, 1832 eta 1840 bitarteko Egiptoko okupazioa salbu.
[aldatu] Frantziako aginpean
Turkiar Inperioko aginpea 1918an amaitu zen. Izan ere, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, Arabiar Iraultzako armadak Damasko hartu zuen. Faisal I.a Siria erresuma arabiarreko errege bihurtu zen. Hala ere, haren erreinaldia 1920ko uztailean bukatu zen, Frantziako armada Sirian Nazioen Ligako mandatua indarrean ezartzera sartu zenean. Uztailaren 23an, Frantziako armadak Siriakoa garaitu zuen. Frantziaren menpeko urteetan, sentipen nazionalista areagotu ahala, matxinadak bortizki erreprimitzen ziren. Nolanahi ere, ekonomiak gora egin zuen eta, azpiegituren aldetik, herrialdea modernizatu zen.
Bigarren Mundu Gerrako Frantziaren porrotarekin batera (1940), Siria Vichy Gobernuaren menpe geratu zen harik eta Erresuma Batuak eta Frantzia Askeak herrialdea hartu zuten arte (1941eko uztaila). Siriako nazionalisten presioak eraginda, Frantziak armada itzularazi behar izan zuen 1946ko apirilean. Errepublika bihurtuta, gobernu berri bat osatu zen.
[aldatu] Adib Shishakli
Hainbat estatu kolperen ostean, Adib Shishakli koronelak boterea 1949ko abenduan hartu zuen. 1951n bere burua presidente izendatu zuen eta legebiltzarra bertan behera utzi.
Bai Erresuma Batuak bai Amerikako Estatu Batuek laguntza ederra eman zioten Adib Shishakliri. Horrela, Palestinako gatazka amaitzea espero zuten. AEBek 1948ko Arabiar-Israeli Gerrako pelestinar errefuxiatuak Sirian kokatu nahi zituzten. Horretarako, AEBak 400.000.000 dolar ordaintzeko prest agertu zen 1952an, 500.000 palestinar Jazira lautadan kokatuz gero. Siriako ezkertiarrek, Arabiar Alderdi Sozialistak eta Ba'ath Alderdiak, gogor kritikatu zuten horrelako akordioa, palestinarren bueltatzeko eskubidea saltzen ari zelakoan. Aipatutako bi alderdien bat egitean, Shishaklik Mendebaldeko eskaintzei muzin egin behar izan zien.
Beste estatu kolpe baten bidez, 1954an Shishakli boteretik kendu zuten. Hala ere, armadaren arteko desadostasunek herrialdearen eziraunkortasuna eragiten zuten. 1956ko Suezko krisialdiaren ostean, Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidentearen lidergoak Egiptorekin bat egitearen aldeko korrontea sortu zuen Sirian. Honela, 1958ko otsailaren 1ean, Arabiar Errepublika Batua sortu zen.
[aldatu] Ba'ath Alderdia agintean
Hala ere, batasuna ez zen luze irautekoa. Estatu kolpe baten ondoren, 1961eko irailaren 28an, Siriak independentzia berreskuratu zuen. Eziraunkortasunak jarraitu zuen, berriz, harik eta 1963ko martxoaren 8an, Siriako armadako haibat ofizial eskertiarrek boterea hartu zuten arte, Ba'ath Alderdi Sozialistaren egitasmoei jarraiki.
Aurreko hilabetean Irakeko Ba'ath alderdiak hango boterea bereganatu zuen. Siriako gobernu berriak Egiptorekin eta Ba'athek kontrolatutako Irakekin federazioa osatzeko aukeraz hausnarketa egin zuen. Hitzarmena 1963ko apirilaren 17an sinatu bazen ere, alderdien arteko desadostasunak areagotu ziren hurrengo hilabeteetan, eta federazioa ez zen gauzatu. Horrez geroztik, Siria eta Irak bat egitearen alde jardun zuten bi herrialdeetako Ba'ath alderdiek. Baina 1963ko azaroan Irakeko gobernua boteretik kendu zuten.
1964ko maiatzean, Amin Hafiz presidenteak demokratizazioaren aldeko erreformak abian jarri zituen, baina 1966ko otsailaren 23an, alderdi bereko hainbat armada ofizialek estatu golpe bat garatu zuten. Amin Hafiz espetxeratuta, behin-behineko konstituzioa bertan behera geratu zen. Gobernu horrek, Egiptorekin batera, 1967ko ekaineko Sei Eguneko Gerra egin zion Israeli. Israelek Golango Gainak kendu zizkion Siriari. Hori zela eta, Siriako gobernua ahuldu zen. 1970eko azaroaren 13an, Hafez al-Assad defentsa ministroak estatu kolpe bat emanda, lehen ministroaren kargua hartu zuen.
1973an, Yom Kippur Gerran, Golango Gainak berreskuratzen saiatu zen Siria alferrik. Horrezkero, Siria eta Israelen arteko mugan, salbuespenak salbuespen, su-eten iraunkorra indarrean dago. 1976an, Libanoko gobernuak eskatuta, Siriako armada Libanon sartu zen, hango gerra zibila baretu nahian. Siriak borrokatzen ari ziren taldeak bildu zituen Taif Hitzarmena sinatzeko. 1990eko urriaren 13an gerra zibila bukatutzat jo zen arren, Siriako armadak Libanon jarraitu zuen 2005eko apirilaren 26 arte. Izan ere, Rafik Al-Hariri Libanoko Lehen Ministroaren hilketa (2005eko otsailaren 14) zela eta, Siriaren kontrako protestak hedatu ziren Libanon.
Barneko oposizioa gorabehera, Hafez Al-Assad presidente karguan zegoela hil zen 2000ko ekainaren 10ean. Hilabete bat geroago, Bashr Al-Assad semea presidente aukeratu zuten hautagai bakarreko erreferendum baten bidez.
[aldatu] Gobernua eta politika
Sakontzeko, irakurri: Siriako politika
Siria 1963tik erregimen militar batek agindutako errepublika da. 1973an erreferendumean gaur egun duten Konstituzioa onartu zuten. Bertan Siria errepublika demokratiko, herritar eta sozialista moduan definitzen zuten. Oinarriak legea, erlijio askatasuna eta propietate pribatua ziren. 7 urtero presidentea aukeratzan da, musulmana izan behar duena. Lau urtero Herriaren Asanblada eta Ministroen Kontseilua aukeratzen dute. Konstituzioaren arabera presidenteak presidenteordea, ministroak eta lehen ministroa jar eta ken ditzake. Presidentea ere Exerzitoaren buru da, Baaz Alderdi Arabiar Sozialistaren idazkari orokorra eta Nazio Fronte Progresistaren buru. Herritarren Asanblada eta Herri Kudeaketa Kontseiluak dira organu legislatiboak.
[aldatu] Banaketa administratiboa
Sakontzeko, irakurri: Siriaren banaketa administratiboa
Siria 14 muhafazah edo eskualdetan banatzen da:
- Al Hasakah eskualdea
- Al Ladhiqiyah eskualdea
- Al Qunaytirah eskualdea (Golango Gainak)
- Ar Raqqah eskualdea
- As Suwayda eskualdea
- Dar'a eskualdea
- Dayr az Zawr eskualdea
- Damasko
- Alepo eskualdea
- Hama eskualdea
- Homs eskualdea
- Idlib eskualdea
- Rif Dimashq eskualdea
- Tartus eskualdea
[aldatu] Demografia
Siriako biztanleria batez ere arabiarra da (%90,3), baina iparraldean kurdo, armeniar eta turkiar gutxiengoak bizi dira. Gainera milaka palestinar barreiaturik daude lurraldetik.
Populazioa batez ere hiru eskualde geografikotan banatzen da: kostaldea, Eufrates ibaiaren ertzetan eta Turkiako mugaren inguruan. %51,8a hirigunetan bizi da. Lekurik populatuena Damasko da, Antilibanoko mendietan kokatuta. Ondoren Aleppo, Homs, Harna eta Latakia dira hiririk garrantzitsuenak.
Populazioaren %38,6a gaztea da, 15 urtetik beherakoa. Emakume bakoitzak 3,32 seme-alaba ditu eta hazkuntza urtero %2,4koa da. Honela, gaur egungo datuen jarraipena egingo balitz, 30 urtetan Siriak bere populazioa bikoiztuko luke.