Inkisizioa
Wikipedia(e)tik
Inkisizioa (latinezko Inquisitio Haereticae Pravitatis Sanctum Officiumetik) Eliza Katolikoaren barnean heresia ezabatzen jarduten zuten hainbat erakunde izendatzeko erabiltzen da. Erdi Aroko inkisizioa, beste guztien oinarria, 1184an sortu zen Frantzian albitar eta kataroen heresiari aurka egiteko. Aurrerago inkiszio erromatarra, portugaldarra eta espainiarra sortu ziren. Azken honetan, inkisidoreak polizia motako indar bat ziren, jendearen salaketen bidez atxilotu eta epaitzen zutenak. Aitorpenak lortzeko torturatu egiten zen eta errudunei (gehienak, salatu gutxi izaten baitziren errugabe deklaratuak) zigor arin bat (ondasuen konfiskatzea) edota gogor bat (urkatzea bere pekatugatik damutzen bazen, errea ez bazen damuten) aplikatzen zitzaien.
[aldatu] Historia
Inozentzio III.ak sortu zuen 1215ean, heresia zapaldu eta heretikoak zigortzea helburua zuen prozedura kanonikoa.
Erakundea, ordea, Gregorio IX.ak sortu zuen 1231an, kataro edo albitarren aurka borrokatzeko. Domingotarrek hartu zuten auzitegiaren ardura. 1252an Inozentzio IV.ak Inkisizioak prozesu eta tortura erabiltzea onartu zuen.
Oso auzitegi ankerra izan zen. Erruduntzat jotakoak gogor zigortzen zituzten, baina, zigorrik handiena sutan erreta hiltzea zen. Inkisizioa Siziliara, Napolira, Milanera, Herbereetara eta, geroago, Ameriketako kolonietara ere zabaldu zen. Heretikoa edonon aurkitu, epaitu eta zigortzeko sistema oso bat zen Inkisizioa.
Kataro eta albitarren aurka eraginkorra izan zen, baina, Espainia eta Italian izan ezik, ezin izan zuen ezer egin Europan protestantismoaren aurka.
Fernando II.a eta Isabel I.a errege-erreginek Nafarroari eraso egin eta konkistatu zutenean inkisizioaren aro modernoa hasi zen. Haien erresumaren batasuna ortodoxia katolikoan oinarritu nahi zuten, eta horretarako, juduak eta musulmanak kristautzeaz gain heretikoak zigortzeko 1478 - 1483an Inkisizioa izeneko auzitegi-berezia sortu zuten, Sixto IV.ari esker izaera erlijioso-politikoa zuena.
Tomas de Torquemada izan zen lehen inkisidore nagusia eta Cisneros Cardinala buruetako bat.
Inkisizioa aita santuaren menpe zegoen Europan, baina Fernado II.ak Gaztela eta Aragoiko erregeen menpeko lurretan Inkisizioa bere esku jartzea lortu zuen.
Euskal Herria lehenengo Kalagorriko tribunalaren menpe zegoen, eta gero, Logroñokoaren pean.
Inkisizio modernoa tresna eraginkorra izan zen egoera politikoa kontrolpean edukitzeko, baita ere, sortu nahi zen estatu-motaren berdinkeri ideologikoaren disidentzia zigortzeko.
Inkisizioaren helburua heretikoak zigortzea zen, baina "heretiko" hitzaren azpian gauza asko sar zitezkeen eta, Gaztela-Aragoiko eta Frantziako monarkiak muga Piriniotan jarri nahian ari ziren.
Monarkia haren kontra zegoen guztia susmopean jarri zuten: mugak itxi zituzten, odol garbitasuna aldarrikatu zuten, hizkuntza bakarra, eliza bakarra eta jainko bakarra ezarri, eta hortik kanpoko zegoena desagerrarazi.
Espainiako Felipe II.aren garaian, 1575ean, Hego Euskal Herrian egin zen sorgin jazarpena ikaragarria izan zen. Iparraldean, berriz, Enrike IV.ak bidali zuen Lapurdira De Lancre magistratu frantziarra,1609an.
Sorginen aurka egin ziren prozesu basatienak Zeberion (Bizkaia), Zugarramurdin (Nafarroa Garaia) eta Lapurdin (Iparraldea) egin ziren.
XVII. mendearen hasieran Inkisizioak beste egiteko ugari bete zuen, ia beti kristau-ortodoxiaren defentsan edo aitzakian: muga eta portuetako jende- eta liburu-trafikoaren kontrola adibidez.
1834. urtean desagertu zen behin betiko Inkisizioa eta Pio X.ak 1908an "Ofizio Santua" izeneko kongregazioa sortu zuen haren ordez. Joan Paulo II.ak barkamena eskatu zuen 2004ko ekainaren 15ean, Roger Etxegarai kardinal lapurtarrari bidalitako gutun baten bidez: Inkisizioak egindako gehiegikeriak fedearen eta jainkoaren aurkakoak izan zirela esanez.
Heretikoak aurkitu eta zigortzeko Eliza Katolikoak sortutako eliz- auzitegi iraunkorrari esaten zaio inkisizioa.
Récupérée de « http://eu.wikipedia.org/wiki/Inkisizioak »