Konstantino I.a Handia
Wikipedia(e)tik
Konstantino I.a Handia, latinez Gaius Flavius Valerius Aurelius Constantinus (272ko otsailaren 27 - 337ko maiatzaren 22), erromatar enperadorea izan zen 306ko uztailaren 25etik, legioek aldarrikatu zutenetik, hil zen arte.
Konstantino bi ekintzarengatik da gogoratua. Alde batetik Bizantzio (gaur egungo Istanbul) birfundatu zuen eta Constantinopla (Konstantinoren hiria) izena eman zion. Beste aldetik, Milango Ediktua plazaratu zuen 313an. Honi esker kristautasuna zilegi bihurtu zen, eta ez zen berriro jazarri. Nizeako Kontzilioa ere ahalbidetu zen Konstantinoren politikarengatik. Izan ere, Konstantino lehenengo enperadore kristaua izan zen, batailoa hil baino lehentxeago hartu ez bazuen ere.
Eduki-taula |
[aldatu] Estreineko urteak
272ko edo 273ko otsailaren 27an jaio zen Konstantino, gaur egungo Serbian. Gurasoak Konstantzio Kloro, jeneral greziarra, eta Helena zituen. Aita helenaz dibortziatu zen Teodorarekin ezkontzeko. Teodora Maximiano enperadorearen alaba edo alabaordea zen.
Dioklezianok aitari zesar titulua eman zion 293an, eta Konstantino Nicomedia hirian aritu zen. 305ean, augusto titulua zutenek, Maximianok eta Dioklezianok berak erretiroa hartu zuten. Konstantzio Klorok titulu hori jaso zuen orduan. Nolanahi ere, Yorken ari zela sukar batek hil zuen 306ko uztailaren 25ean. Kroko jeneralak, aitari leial jarraituz, Konstantino augusto aldarrikatu zuen. Hurrengo 18 urteetan Konstantinok etengabe borrokatu behar izan zuen titulu hori defenditzearren.