Ludwig Wittgenstein
Wikipedia(e)tik
Ludwig Josef Johann Wittgenstein (1889, Apirilak 26 (Viena, Austria) - 1951, Apirilak 29 (Cambridge, Ingalaterra), filosofo austriarra, hizkuntzaren analisian interesatu zen bereziki.
Revolutionär wird der sein, der sich selbst revolutionieren kann (Iraultzailea bere burua aldatu dezakeena izango da). | ||
Ludwig Wittgenstein |
[aldatu] Bizitza
Ludwig Wittgenstein 1889an jaio zen Vienan, jatorri juduko familia aberats eta ikasi batean. Bere gurasoek (aita altzairu eta burdin saltzailea zuen) kultur zaletasun handia zuten, eta beren zortzi seme-alabengan sentsibilitate artistikoa eta jakinmina pizten saiatu ziren.
Garai hartan Viena Europako hiri garrantzitsuenetakoa eta zentro kulturala zen, eta giro hartan hazi zen Wittgensteini era askotako jendeak eragin zion bere garapen intelektual eta afektiboan. Besteak beste, zientzialariak (Godel matematikaria eta Mach fisikaria), pentsalariak (Freud -psikoanalisiaren sortzailea-, Weininger idazlea, Karl Kraus), ata artista ospetsuak (Loos arkitektoa, Brahms, Mahler eta Schönberg musikariak). Inperio austrohungariarraren amaierako Vienan garapen kultural handia lortu zen, zientzia, arte eta pentsamenduaren esparru desberdinetan. Pentsalariek eta artistek gizarte haustura eragozteko erreforma politiko eta ekonomikoak eskatzen zituzten, puritanismoaren bukaerarekin batera.
Wittgensteinek gurasoen etxean ikasi zuen 14 urte bete arte. Ondoren Berlin-en ingeniaritza mekanikoa eta Manchester-en ingeniaritza aeronautikoa ikasi zituen. Baina Frege eta Russellen obrak irakurri zituenean logika eta matematikaren oinarri filosofikoez kezkatu zen eta Cambridgera joan zen Russellekin logika eta filosofia ikastera. Honekin eztabaida sakonak izan zituen matematikaren oinarriaren inguruan eta hizkuntza logikoari buruz.