Marko Bruto
Wikipedia(e)tik
Marko Junio Bruto (latinez Marcus Junius Brutus Caepio) (K. a. 85 - K. a. 42) Julio Zesar hil zuen erromatar senatari famatuena izan zen. Ez da Dezimo Brutorekin (latinez Decimus Junius Brutus Albinus), Zesar hil zuen beste senatari batekin, nahastu behar.
Haren gurasoak Dezimo Junio Bruto eta Servilia Zepionis ziren. Iturri batzuek Zesarren semea zela aipatzen dute, haren ama Zesarren dama bat baitzen. Alabaina Marko Bruto jaio zenean, Zesarrek 15 urte zituen. Teoria horrek, beraz, faltsua izan behar du.
Eduki-taula |
[aldatu] Estreineko urteak
Katon Minorren laguntzaile hasi zen politikan. Garai hartan, interes handiko maileguei esker aberastu zen. Optimates-en alde eta lehen triunbiratoren aurka jo zuen hasiera-hasieratik. Izan ere, Ponpeiok haren aita hil zuen K. a. 77an, Silaren diktadurapean.
Zesar eta Ponpeioren arteko gerra zibila piztu zenean, Ponpeioren alde jo zuen halere. Farsalos batailaren porrotaren ostean, Zesarren barkamena eskatu zuen. Honek lagun minen artean hartu zuen, eta kargu garrantzitsuak eman zizkion. K. a. 45ean, pretor izendatu zuen.
[aldatu] Zesarren hilketa
Brutok ez zuen inoiz bere ikusmolde atzerakoia ezkutatu. Senatari askok bezala, ez zuen gustoko Errepublikaren egoera Zesarren agintaldipean. Izan ere, Zesarrek boterea bere eskuetan gordetzen zuen. Hori zela eta, Gaio Kasio Longinorekin eta beste gizonekin, Zesarren aurka konspiratzen hasi ziren. Hilketa baino lehentxeago, Brutok besteei adierazi zien haien buruaz beste egin behar zutela plana aurkituz gero.
K. a. 44ko martxoaren 15ean, Ponpeioren Antzokian, Brutok eta besteek Zesar hil zuten. Suetoniok idatzi zuen Zesarren azken hitzak Brutori zuzendu zizkiola: και συ, τεκνον? ("kai sy, teknon", hau da, "zu ere, ene semea?"). Zesar hil ondoren, senatariek alde egin zuten. Brutok adierazi zuen: "Erromatarrak, aske gaude berriro!"
[aldatu] Hilketaren ondorioak
Hala eta guztiz ere, erromatar gehienak haien kontra zeuden, Zesar biziki maite zuten eta. Zesarren hiletan, sentimendu horietaz baliatuta, Marko Antoniok gogor kritikatu zituen hiltzaileak. Jada ez ziren Errepublikaren salbatzaileak. Epaitu baino lehen, ekialdera jo zuten Brutok eta kideek. Atenasen, Brutok, filosofia ikasteaz gain, armada bat ordaintzeko prestaketak egin zituen.
Oktaviok eta Marko Antoniok Bruto eta Kasioren kontra jo zuten orduan. K. a. 42an Filipo batailan elkarren aurka borrokatu zuten. Kasiok eta Brutok, porrota antzemanik, bere buruaz beste egin zuten. Marko Antoniok Brutok goraipatu zuen haren gorputzaren aurrean. Izan ere, gainerako konspiratzaileen motibazioa inbidia eta handinahia izan arren, Erromako onurak bultzatu zuen Bruto.
[aldatu] Kronologia
- K. a. 85 – Erroman jaio zen
- K. a. 58 – Katoren laguntzailea Zipren
- K. a. 53 – Ziliziako questor izendatu zuten
- K. a. 49 – Zesarren kontrako gerra zibilean, Ponpeiorekin Grezia aldera joan zen
- K. a. 48 – Zesarren barkamena jaso zuen
- K. a. 46 – Galiako gobernataria
- K. a. 45 – Pretor izendatu zuten
- K. a. 44 – Zesar hil zuen beste senatariekin batera. Atenasera ihesean
- K. a. 42 –
- Urriaren 3 - Lehen Filipoko bataila – Oktavio menderatu zuen, baina Marko Antoniok Kasio garaitutakoan, Kasiok bere burua hil zuen
- Urriaren 23 - Bigarren Filipoko bataila – Porrota erabakigarria. Brutok bere buruaz beste egin zuen