Urbasa
Wikipedia(e)tik
Urbasa Nafarroako mendilerroa da, Sakana eta Ameskoak bereizten dituena. Bataz-beste 1.000 metroko altuera du, bere punturik altuena Bargagain delarik (1.157 metro).
Gaur egun parke-natural bat da eta 11.500 Ha-ko hedadura du.
Eduki-taula |
[aldatu] Mugak
Urbasak honako mugak ditu:
- Ekialdean: Andia mendilerroa.
- Iparraldean: Sakanako bailara, Ziordiatik Etxarri-Aranatzeraino.
- Mendebaldean: Entzia mendilerroa.
- Hegoaldean: Ameskoak.
Urbasak ere barne mugak ditu, Ameskoetara ematen duen lurrak eurenak baitira eta Sakanara ematen dutenak komunalak.
[aldatu] Geologia
Urbasa karstifikatutako gunea da, hau da, kareharriz sortua da. Hainbat kobazulo ditu. Egiturari dagokionez sinklinal eskegi bat da.
Hegoaldean Urederra jaiotzen da, urdinak diren putzuak eta ur-jauziak sortzen.
Harri gehieneak paleozeno eta eozeno garaikoak dira. Alga gorriak eta nummulites fosil asko aurki daitezke. Hegoaldean itsas-triku fosilak ere aurki daitezke.
Andia mendilerrotik Lizarragako failak bereizten du.
[aldatu] Flora
Urbasan batez ere pagoak aurkitzen dira, nahiz eta geroago landatutako pinuak eta magaletan dauden haritzak ere aurki daitezkeen.
Urbasako pagadia, Iratikoaren ondoren, Europako handienetarikoa da. Pagoa normalean bakarrik agertzen den zuhaitza da, baina urbasan hainbat lekutan altza eta arteekin batera agertzen da (lehenengoa lur buztintsuetan eta bigarrena lehorragoetan).
Dolinatan hainbat zuhaixkekin batera agertzen dira, besteak beste ezki eta hurritzekin.
Dolinetan ere Isopyrum Thalictriodes motako lore txuriak aurkitzen dira. Gutxiagotan aurkitzen dira Corydalis Cava eta Ranunculos Ficaria loreak.
Basaranak ere erruz aurkitzen dira.
[aldatu] Fauna
Urbasan otsoa eta orkatza aurki daitezke, nahiz eta animaliarik arruntenak gizakiak eramandako abereak diren (behia, zaldia eta ardia).
Ugarienak diren basabereak basurdea, azeria, katagorria eta liroiak dira. Hainbat narrasti eta anfibio espezie ere aurki daitezke. Gauetan saguxarrak agertzen dira eta hiru espezie daude kontatuta.
Hegaztiei dagokionez usoak, beleak eta putreak aurki daitezke. Arranoak eta bestelako harrapakari handiak erruz ikus daitezke. Haritzak dauden lekuetan txantxangorria aurki daiteke.
Urederran hainbat arrain mota aurkitzen dira, batez ere amuarrainak.