India
Wikipedia(e)tik
|
|||||
Lema nazionala: सत्यमेव जयते ( Egia bakarrik garaile ) |
|||||
Ereserkia: जन गण मन ( Jana Gana Mana ) |
|||||
Hiriburua | New Delhi 28°34′ I 77°12′ E |
||||
Hiri handiena | Bonbai / Mumbai / Bombay | ||||
Hizkuntza ofiziala(k) | Hindia, Ingelesa eta beste 21 | ||||
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa |
Errepublika federala Avul Pakir Jainulabdeen Abdul Kalam Manmohan Singh |
||||
Independentzia - Aldarrikatua - Onartua |
Erresuma Batutik 1947 abuztuaren 15 1950 urtarrilaren 26 |
||||
Azalera - Guztira - ur % |
3.287.590 km² (7.) %9,56 |
||||
Biztanleria - Estimaketa 2006 - Errolda 2001 - Dentsitatea |
1.112.225.812 (2.) 1.027.000.000 329 biztanle/km² (19.) |
||||
Dirua | Errupia (Rs.) (INR ) |
||||
Ordu eremua - Udan (DST) |
UTC (UTC +5:30) Ez (UTC +5:30) |
||||
Interneteko domeinua | .in | ||||
Telefono aurrizkia | +91 |
||||
Gentilizioa | indiar | ||||
India Asia hegoaldearen zati handia hartzen duen estatua da, berak bakarrik azpi-kontinente oso bat oasatzen baitu. Munduko bigarren estatu populatuena da, demokrazia handiena, zazpigarren zabalena eta hamargarren ekonomia.
Hiriburua New Delhi du, nahiz eta hiri handiena Mumbai (Bombay) izan.
Egungo India multi-etnikoa eta multi-erlijiosoa da, hainbat arraza eta etniaren igarobide zein pausaleku izan baitada. Hainbat erlijiok garrantzi handia dute herrialdean, hala nola hinduismoa, islama, budismoa, kristautasuna.
Eduki-taula |
[aldatu] Etimologia
K. a. 325ean Alexandro Handiaren agindupeko greziarrak herrialde horretan sartu ziren eta ibaiari Indo – sanskritoren shindu ("ibai") hitzetik- deitu zioten eta horren ondorioz, penintsulari India izena eman zioten.
Indiarrek bere herriari Bharat errege mitologikoaren omenez Bharat deitzen diote.
[aldatu] Gobernu eta administrazioa
India sistema federalarekiko estatuen batasuna da. Bere izen ofiziala Indiako Errepublika da. Estatuburua presidentea da. Bere betebeharrak orokorrean protokolozkoak dira. Presidente eta presidenteordea bost urteko eperako hautatuak dira.
Botere exekutiboa Ministroen Kontseiluaren esku dago. Kabinetearen burua Lehen Ministroa da. Lehen Ministroa parlamentu-gehiengoak hautatua eta Presidenteak izendatua da. Presidenteak Lehen Ministroak hautatutako ministroak ere izendatzen ditu.
Indiar ganbarabiko parlamentua Rajya Sabbha senatoreen ganbaraz eta Lok Sabbha diputatuen ganbaraz osatua dago. Rajya Sabbha-k estatuak ordezkatzen ditu eta Lok Sabbha-k indiar herria ordezkatzen du. Konstituzioak 18 urte baino gehiago daukaten hiritarrentzako hautespen unibertsala bermatzen du.
Indiako botere judiziala Auzitegi Gorenaz eta Estatuetako Auzitegi Nagusiez osaturik dago.
India 28 estatu eta 7 batasuneko lurraldetan zatituta dago.
[aldatu] Geografia eta klima
7.000 km-ko kosta du Indiar ozeanoan eta mugakide ditu Pakistan mendebaldean; Txina (Tibet), Nepal eta Bhutan iparraldean eta Bangladesh eta Birmania ekialdean.
Indiako hiri nagusiak Mumbai (20 miloi biztanle), Kalkuta (14 miloi) eta New Delhi hiriburua (11 miloi) dira.
Indiako klima hegoaldeko tropikaletik Himalaiako epelagora aldatzen da. Neguan iparraldeko lur garaiek elurtza handiak hartzen dituzte. Indiako kliman Himalaiak eta Thar basamortuak eragin handia dute. Himalaia Erdiko Asiako haize hotzen aurkako hesia da, eta horren ondorioz orokorrean Indiako klima latitude pareko beste lurralde askotan baino beroagoa da. Thar basamortuak hego-mendebaldeko montzoi haizea erakartzen du. Montzoiak ekainetik irailera euri-isurketa handiak eragiten ditu Indian.
[aldatu] Ekonomia
Munduko Banku (MB) eta NMF edo Nazioarteko Moneta Fondoaren arabera, India munduko hamargarren ekonomia da (2005). 1998tik 2005era bere Barne Ekoizkin Gordina (BEG) batez beste ehuneko 5a gehitu da. Hala ere, ezberdintasun ekonomiko handienetariko herria da.
Betidanik Indiako oinarri ekonomikoa nekazaritza izan da (egun ere bai). Elikaduran arroza funtsezkoa da. Artatxikia, basartoa, artoa, garagarra, tea, kafea, azukre-kanabera, tabakoa eta opioa ere hazten dituzte. Fruta-arbolen, landare oliotsuen eta zur preziatuen ekoizpena ere garrantzitsua da.
Abeltzaintza ere premiazkoena da. Indiak munduko behi-ondare handiena (176.900.000 abelburu) dauka, baina hinduentzat behiak animalia sakratuak direnez okelaren kontsumoa debekaturik dago. Bufaloak (oso erabiliak nekazaritzan), ardiak eta ahuntzak ere garrantzitsuak dira.
Ikatz, burdin, manganeso, mika eta bauxita ugari erauzten dituzte, baina metano eta petrolio gutxi. Industria nagusia ehungintza da. Horretaz gain, burdingintza, mekanikoa, elektronikoa, kimikoa, papergintza eta petrolio birfindegia, besteak beste. Artisautzak ere garrantzi handia du.
[aldatu] Demografia
India munduko bigarren estatu jendetsuena da. Gizarte eta politika antolakuntzan hizkuntza, kasta eta erlijioa erabakigarriak dira. Nahiz eta biztanleriaren %81,5 hindua den, Indiak musulmanen (%12,2) bigarren kopuru handiena duen estatua da, Indonesiaren atzetik.
India bi hizkuntza familiaren sorterria da: Indoarioa ( biztanleriaren %74k berba egina) eta dravidikoa (%24k berba egina). Indiako konstituzioak 23 hizkuntza ofizial onartzen ditu, baina hindia eta ingelesa baino ez dira Indiako Gobernuaren hizkuntzak, besteak eskualdekoak dira. Dialektoen kopurua 1652koa da.
[aldatu] Kultura
Indiak kultur ondare ugaria eta apartekoa du. Inbaditzaile eta etorkinen ohiturak, tradizioak eta ideiak bereganatu dituen bitartean, bere errotutako tradizioak historian zehar mantentzea lortu du. Adibidez, Indiako monumentu ospetsuena, Taj Mahal, Mogol dinastiaren islapena da.
Indiar musika mota askotakoa da. Musika klasikoaren bi mota nagusiak Hegoaldeko Carnatic eta Iparraldeko Hindustani dira. Herri musika aipagarriena Filmi (Filmetarako sortutakoa) da. Folk musika ere oparoa da.
Indiako lehenengo literatur tradizioak batez ere ahozkoak ziren, eta geroago transkribatuak izan ziren. Gehienak liburu sakratuak ziren, Vedak adibidez. Aro berrian indiar idazle aipagarri ugari egon dira, ospetsuena Rabindranath Tagore Literaturako Nobel saridun indiar bakarra.
India munduko filme ekoizlerik handiena da. “Bollywood” edo Mumbain oinarritutako ekoizpena ospetsuena da.
Fede anitzeko erlijio praktikek eguneroko bizitzan garrantzi handia dute, erlijioa Indian afera publikoa baita. Hezkuntza oso preziatua da gizarte-maila guztietan. Indiako famili-balore tradizionalak oso beneratuak dira.
Indiako sukaldaritza eskualde batetik bestera oso anitza da, baina arroza eta garia funtsezko osagaiak dira. Herri jantzien artean emakumeentzako sari-a eta gizonentzako dhoti-a daude.
Indiako kirol nazionala belar hockeya da, baina de facto egungo kirol nazionala cricketa da. Herri-kirol tradizionalen artean kabaddi-a, Kho Kho-a eta gilli-danda daude.
[aldatu] Historia
Indiako lehenengo giza aztarna ezagunak Bhimbetka-ko Harri Aroko pinturak dira. Lehenengo kokaleku iraunkor ezagunak K. a. 7000. urtean inguruan agertu ziren eta poliki-poliki Indo haraneko zibilizazioa garatu zuten, egun Pakistan eta mendebaldeko India diren lurraldeetan. Zibilizazio honen ostean arioek inbaditu zuten iparraldeko India bertako jendeak hegoaldera bidaliz. Arioen zibilizazioa, vedikoa, hinduismoaren sortzailea da. Apurka-apurka arioak haien lurraldea hegoalderantz hedatzen joan ziren.
K. a. III. mendean Ashoka enperadoreak hegoaldeko Asia ia osorik batu zuen. II. mendearen amaieratik Indiak Erdiko Asiatik inbasio anitz pairatu zuen. XI. mendetik aurrera musulmanen agintealdia hasi zen, hasieran Delhiko Sultangoaren bidez, gero dinastia mogolaren bidez. XVI. mendetik europar inperioak Indian agertzen hasi ziren, hasieran salerosiz, gero koloniak sortuz. Erresuma Batuak XVIII. eta XIX. mendeen bitartean India menperatzea lortu zuen.
Indiarrek independentziaren alde borrokatu zuten, hasieran indarraren bitartez, gero Mahatma Gandhiren irakaspenak segituz, ez-indarra eta desobedientzia zibilaren bitartez. Amaieran, 1947. urtean, Indiak bere independentzia lortu zuen. Geroztik Pakistanekin (Musulmanek sortua) lau gerra izan du. Bi estatuek arma nuklearrak dauzkate.