Frantziako Tourra
Wikipedia(e)tik
Frantziako Tourreko Logoa, lurrean margotuta. |
|
---|---|
Frantziako Tourra | |
Jatorrizko Izena | Le Tour de France |
Lekua | Frantzia eta ondoko herrialdeak |
Data | Uztaila |
Mota | Itzuli Handia |
Zuzendaria | 2006 tik aurrera Christian Prudhomme |
Historia | |
Lehenengo Edizioa | 1903 |
Edizio Kopurua | 93 (2006) |
Lehenengo Irabazlea | Maurice Garin, (Frantzia) |
Garaipen gehien | Lance Armstrong, (Estatu Batuak), 7 aldiz |
Maillot hori gehien | Eddy Merckx (Belgika) 111 |
Etapa garaipen gehien | Eddy Merckx (Belgika) 33 |
Mendiko maillot gehien | Richard Virenque (Frantzia) 7 |
Frantziako Tourra munduko txirrindularitza lasterketa garrantzitsuena edo garrantzitsuenetako bat da. Itzuli Handien sailaren barnean dago eta hiru aste osoz Frantziako hiri eta herriak zeharkatzen ditu, uztailean. 1903. urtean jokatu zen lehen ekitaldia, eta harezkeroztik urtero ospatu da Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra gertatu zirenean izan ezik. Frantziako Tourra urtero-urtero kirol ospakizun arrakastatsuena da mundu osoan, ikusle kopuruari bagagozkio. Jakina, urteko lasterketa garrantzitsuenenan parte hartzeko, munduko talderik onenak hautesten dituzte bakarrik.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Frantziako Tourra L'Auto egunkariak (Gaur egun L'equipe) sortu zuen, 1903. urtean, Paris-Brest-Paris eta Bordele-Paris lasterketei lehia egiteko asmotan. L'Auto egunkariak 1903ko Urtarrilean aurkeztu zuen lasterketa, eta hala, Frantziako Tourraren promozioari esker 25.000 egunkari saltzetik 65.000 saltzera igaro zen, 1908. urterako salmentak 250.000koak ziren eta 1923an 500.000ra iritsi ziren. Saldutako egunkarien errekorra 1933 urtean lortu zen, 854.000 alerekin. Gaur egun, Frantziako Tourra Amaury Sport Organisation(ASO)k antolatzen du eta antolatzaile talde haren jabea L'Equipe egunkaria da.
Tourra etapa lasterketa da eta egunero etapa bat jokatu ohi da. Txirrindulari guztiek lortutako denboren arabera egiten den sailkapenak Sailkapen Nagusia izena hartzen du. Lasterkari bakoitzak etapok amaitzeko behar izan duen denbora kontutan hartzen da sailkapen nagusia eratzeko. Beraz, Tourreko irabazlea sailkapen nagusiko lehenbizikoa izango da, hau da, etapa guztiak amaitzeko denbora gutxien eman duen txirrindularia. Hortaz, baliteke sailkapen nagusian garaile ateratzea etapa bakar bat bera ere irabazi gabe, hala egin zuen Greg Lemondek 1990. urtean, esate baterako. Tourreko etapa bat irabaztea edozein txirrindulariren lorpen handietako bat bezala jotzen da, norberaren sailkapen nagusiko postua kontutan hartu gabe. Nahiz eta lehen Tourreko etapa kopuruak desberdinak izan ziren, gaur egun Tourra 20 etaparen buruan jokatzen da, guztira 3.000 eta 4.000 kilometro arteko ibilbidea korrituta. Sailkapen nagusiaz gain, badaude beste hainbat sariketa Tourraren beraren barruan, eta lehiaketa haietako aurreneko lasterkariek kolore desberdinak dituzten Maillotak janzten dituzte.
Tourra gaur egun taldeka (berauek babesleek finantzatuta) korritzen da, baina lehenago banaka korritzen zuten eta ez zegoen talde-taktikarik gaur egun bezala. 50 eta 60ko hamarkadetan ere taldeka korritzen zen, baina taldeok herrialdeen arabera osatzen ziren.
Tourreko etapa gehienak Frantzian izaten dira, baina badira Frantziatik kanpo jokatzen diren batzuk ere, Espainian, Italian, Belgikan, Herbehereetan, Erresuma Batuan... Tourrak bi atseden egun dauzka, eta normalean bidaia luzeak egiteko erabiltzen dira, trenez edo hegazkinez.
Azken urteotan, aurreneko etapa 5-15km-ko banakako erlojupekoa izan ohi da, eta sarrerako etapa izena hartzen du. Tourraren amaiera, ostera, Pariseko Champs-Elyseesetan izaten da beti. Tourreko hiru asteetan, etapa menditsuak, banakako erlojupekoak, eta taldekako erlojupekoak jokatzen dira. Beste etapa guztiak lauak edo ez hain menditsuak izaten dira, horrela, sprinter deritzen txirrindulariek etapak irabazteko aukera izaten dute. Hala ere, sailkapen nagusiko irabazleak halabeharrez oso ondo moldatu beharko da, bai mendian gora bai erlojupean.
Tourreko ibilbidea urtez urte aldatu ohi dute, urte batean erlojuaren orratzen norabidean egiten da eta hurrengoan alderantziz; hala, urte batean Alpeak lehenengo igarotzen dira eta hurrengoan Pirinioak. Alpeetako eta Pirinioetako mendi asko ia urtero-urtero agertzen dira ibilbidean, eta gogorrenak Hors Categorie izena hartzen dute (Kategoriaz Kanpo), Col du Tourmalet, Mont Ventoux, Col du Galibier, Alpe d'Huez-ek..., esate baterako, Hors Categorie izena hartzen dute.
1984 urteaz geroztik emakumeentzako tourra ere korritu izan da, Le Grande Boucle Feminin izenarekin ezaguna, nahiz eta, Emakumeen Italiako Giroa garrantzitsuagoa izan.
[aldatu] Tourreko Zuzendariak
- 1903-1939 Henri Desgrange
- 1947-1961 Jacques Goddet
- 1962-1986 Jacques Goddet eta Felix Levitan
- 1987-1988 Jean-François Naquet-Radiguet
- 1988-1989 Jean-Pierre Courcol
- 1989-2005 Jean-Marie Leblanc
- 2005etik aurrera Christian Prudhomme
[aldatu] Maillotak
Sailkapen bakoitzeko aurrenekoak kolore desberdineko maillota janzten du, beste txirrindulari guztietatik nabarmentzeko.
[aldatu] Gaur egungo maillotak
Maillot Horia, sailkapen nagusiko lehendabizikoak janzten du. Hortaz, ordurarte jokatu diren etapak amaitzeko denbora gutxien eman duen txirrindulariak jantziko du eta dauden maillotetan garrantzitsuena da. Azken egunean maillot hau daramana Tourreko irabazlea da. Maillot Horia 1919. urtean hasi zen erabiltzen, antolatzaileek liderra nabarmentzea nahi zuten, eta L'Auto egunkariaren orriak horiak zirenez kolore hau aukeratu zen maillotarentzat.
Maillot Berdea, sprint sailkapeneko lehendabizikoak janzten du. Sailkapen honetarako puntuak, korredoreak etapako helmugara iritsi diren arabera lortzen dira, hala, etapako garaileak bigarrenak baino puntu gehiago eskuratuko ditu eta hala, hurrenez hurren, eskuragai dauden puntu guztiak ahitu arte. Erik Zabel txirrindulari alemaniarrak du errekorra sei maillot berde jarraian irabazita, 96tik 2001era.
Puntu gorridun Maillota, mendietako erregeak janzten du. Sailkapen honetarako puntuak mendateak zeharkatzen direnean eskuratzen dira. Zenbat eta mendi latzagoak orduan eta puntu gehiago jasotzen dituzte txirrindulariek. Tourra puntu gorridun maillotarekin amaitzen duen txirrindulariari mendiko erregea esaten zaio. Maillot hau 1975. urtean sortu zen. Richard Virenquek du errekorra, zazpi mendiko errege titulurekin.
Maillot Txuria, sailkapen nagusiko lehendabiziko gazteak janzten du, hau da, 25 urtetik beherako aurrenekoak.
[aldatu] Maillotak Tourretik kanpo
Tourreko Mailloten koloreak beste hainbat lasterketetan ere erabili ohi dira eta haien zeregina Tourrekoen berdina da. Esate baterako Britainiako itzuliak, Horia, Berdea eta Puntu Gorriduna erabiltzen ditu sailkapenetako liderrak nabarmentzeko. Italiako Giroak Maillot kolore desberdinak erabiltzen ditu, baita Espainiako itzuliak ere, baina beste neurri batean. Adibidez, Giroan, mendiko erregeak maillot orlegia janzten du eta sailkapen nagusikoak Maillot edo "Maglia" arrosa.
[aldatu] Etapa Motak
[aldatu] Etapa ohikoak
Etapa "ohiko" batean, txirrindulari guztiak batera ateratzen dira. Lehenengo kilometroak antolatzaileek neutralizatzen dituzte, 2-5km bitartean, eta hasiera ofiziala Tourreko Zuzendariak seinalatzen du bandera txuri bat erakutsiz. Tourreko lehenengo asteko etapa ohikoetan, sprint ikusgarrietan amaitzeko aukera paregabea suertatzen da, etapa hauek nahiko lauak izan ohi direlako.
Beste etapa ohiko batzuk, ordea, zeharo menditsuak dira. Etapa hauek aldaketa handienak eragin ohi dituzte sailkapen nagusian eta ikusle gehien erakartzen dituztenak dira, bai ikusgarrienak suertatzen direlako eta baita uda minean korritzen direlako ere. Hortaz, jende asko eta asko oporretan dago, eta eguraldia lagun izan ohi da.
[aldatu] Banakako Erlojupekoak
Banakako erlojupeko batean, txirrindulari guztiak bakarka aritzen dira Irterak minutu oro gertatzen dira. Sailkapen nagusiko lehenengo hamarrak, ordea, bi minutuko tartean ateratzen dira irteeratik, balizko trikimailuak saihestearren.
Irteera ordena sailkapen orokorraren alderantzizkoa da, beraz, liderra izango da azkenengoa abiatzen erlojupekoetan. Normalean 3-4 erlojupeko izaten dira Tour osoan, bata prologoa, bestea taldekako erlojupekoa eta azken biak bakarkakoak.
[aldatu] Taldekako Erlojupekoak
Sarritan, Tourreko lehenengo astean taldekako erlojupeko bat izaten da. Talde ahulenek denbora gehiegirik ez galtzeko, denbora galerak limitatuta daude, horrela. Helmugaratzen azkena den taldeak gehienez 3 minutu besterik ezin ditu galdu lehenego postua erdietsi duenarekin alderatuta, beheko taulak erakusten duen moduan.
Postua | Denbora | Postua | Denbora |
---|---|---|---|
2. | 20" | 12. | 2' 00" |
3. | 30" | 13. | 2' 10" |
4. | 40" | 14. | 2' 20" |
5. | 50" | 15. | 2' 30" |
6. | 1' | 16. | 2' 35" |
7. | 1' 10 | 17. | 2' 40" |
8. | 1' 20" | 18. | 2' 45" |
9. | 1' 30" | 19. | 2' 50" |
10. | 1' 40" | 20. | 2' 55" |
11. | 1' 50" | 21. | 3' 00" |
Taldekako erlojupekoetan ahalik eta denbora gutxien galtzea oso garrantzitsua da, beraz taldeak ahalik eta txirrindulari onenak eramango ditu tourrera eta hauek 100%-a eman beharko dute taldeko gizon garrantzitsuak denbora gal ez dezan.
[aldatu] Etapa Famatuak
1975. urteaz geroztik Tourreko azkenengo etapa Champs-Elyseesetan bukatzen da, Parisen. Txirrindulariek hainbat itzuli ematen dizkiote zirkuituari. Ibilbideko bi aldeak jendez gainezka daude beti, guztiak txirrindulariak animatzen, batez ere irabazlea, jakina. Nahiz eta txirrindularientzat bertan korritzea erosoa ez den, etapa laua da eta sprintean heldu ohi dira, sprinterren taldeek gogor ekiten dute hala izan dadin.
Alpe d'Huezen ere etapa anitz amaitzen dira Frantziako Tourrean, Alpeetako igoerarik gogorrenetako bat baita, Bourg d'Oissansetik Huez-era. 2004. urtean erlojupeko banakako igoera egin zen bertan eta Lance Armstrong izan zen garailea. Beste mendi batzuetatik ere askotan pasa izan da Tourra, Mont Ventoux, Col du Galibier, Col de la Madeleine... esate baterako.
Etapa bakoitzeko hasiera ere oso garrantzitsua izan ohi da, eta Frantziako eta Frantziatik kanpoko hainbat hiri lehiatzen dira Tourreko etapa baten abiagunea beren mugetatik abia dadin. Tourraren lehendabiziko etapak ere berebiziko garrantzia dauka, eta, esaterako, Tourra azken urteetan, Erresuma Batuan, Belgikan, Euskal Herrian... hasi izan da.
[aldatu] Palmaresa
Urtea | Irabazlea | Bigarren | Hirugarren | |
---|---|---|---|---|
2006 | Oscar Pereiro* | |||
2005 | Lance Armstrong | |||
2004 | Lance Armstrong | |||
2003 | Lance Armstrong | |||
2002 | Lance Armstrong | |||
2001 | Lance Armstrong | |||
2000 | Lance Armstrong | |||
1999 | Lance Armstrong | |||
1998 | Marco Pantani | |||
1997 | Jan Ullrich | |||
1996 | Bjarne Riis | |||
1995 | Miguel Indurain | |||
1994 | Miguel Indurain | |||
1993 | Miguel Indurain | |||
1992 | Miguel Indurain | |||
1991 | Miguel Indurain | |||
1990 | Greg LeMond | |||
1989 | Greg LeMond | |||
1988 | Pedro Delgado | |||
1987 | Stephen Roche | |||
1986 | Greg LeMond | |||
1985 | Bernard Hinault | |||
1984 | Laurent Fignon | |||
1983 | Laurent Fignon | |||
1982 | Bernard Hinault | |||
1981 | Bernard Hinault | |||
1980 | Joop Zoetemelk | |||
1979 | Bernard Hinault | |||
1978 | Bernard Hinault | |||
1977 | Bernard Thévenet | |||
1976 | Lucien Van Impe | |||
1975 | Bernard Thévenet | |||
1974 | Eddy Merckx | |||
1973 | Luis Ocaña | |||
1972 | Eddy Merckx | |||
1971 | Eddy Merckx | |||
1970 | Eddy Merckx | |||
1969 | Eddy Merckx | |||
1968 | Jan Janssen | |||
1967 | Roger Pingeon | |||
1966 | Lucien Aimar | |||
1965 | Felice Gimondi | |||
1964 | Jacques Anquetil | |||
1963 | Jacques Anquetil | |||
1962 | Jacques Anquetil | |||
1961 | Jacques Anquetil | |||
1960 | Gastone Nencini | |||
1959 | Federico Bahamontes | |||
1958 | Charly Gaul | |||
1957 | Jacques Anquetil | |||
1956 | Roger Walkowiak | |||
1955 | Louison Bobet | |||
1954 | Louison Bobet | |||
1953 | Louison Bobet | |||
1952 | Fausto Coppi | |||
1951 | Hugo Koblet | |||
1950 | Ferdinand Kubler | |||
1949 | Fausto Coppi | |||
1948 | Gino Bartali | |||
1947 | Jean Robic | |||
1940-1946 Bigarren Mundu Gerra | ||||
1939 | Sylvère Maes | |||
1938 | Gino Bartali | |||
1937 | Roger Lapébie | |||
1936 | Sylvère Maes | |||
1935 | Romain Maes | |||
1934 | Antonin Magne | |||
1933 | Georges Speicher | |||
1932 | André Leducq | |||
1931 | Antonin Magne | |||
1930 | André Leducq | |||
1929 | Maurice De Waele | |||
1928 | Nicolas Frantz | |||
1927 | Nicolas Frantz | |||
1926 | Lucien Buysse | |||
1925 | Ottavio Bottecchia | |||
1924 | Ottavio Bottecchia | |||
1923 | Henri Pélissier | |||
1922 | Firmin Lambot | |||
1921 | Léon Scieur | |||
1920 | Philippe Thys | |||
1919 | Firmin Lambot | |||
1915-1918 Lehen Mundu Gerra | ||||
1914 | Philippe Thys | |||
1913 | Philippe Thys | |||
1912 | Odile Defraye | |||
1911 | Gustave Garrigou | |||
1910 | Octave Lapize | |||
1909 | François Faber | |||
1908 | Lucien Petit-Breton | |||
1907 | Lucien Petit-Breton | |||
1906 | René Pottier | |||
1905 | Louis Trousselier | |||
1904 | Henri Cornet | |||
1903 | Maurice Garin | |||
*Floyd Landisen doping kasua baieztatzen bada |
[aldatu] Errekorrak
Lance Armstrong estatubatuarrak irabazi du gehien sailkapen nagusia. Zazpi bider hain zuzen (1999-2005). Azkeneko Tourra irabazi ondoren erretiratu egin zen.
[aldatu] Filmak
2003. urtean, Hell on wheels filma egin zen Frantziako Tourraren inguruan, Telekom taldearen perspektibatik, Pepe Danquart izan zen filmaren zuzendaria.
The Tour Baby! filma Scott Coadyk egin zuen, Tourra bera eta bere inguruari buruz.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
- Frantziako Tourreko Webgune Ofiziala
- Frantziako Tourreko arauak (PDF)
- France2 Telebista kanaleko webgunea Tourrari buruz
- Frantziako Tourreko historia
- TourdeFrance.net - Argazkiak, etapak...
Frantziako Tourra | ||
---|---|---|
1903 • 1904 • 1905 • 1906 • 1907 • 1908 • 1909 • 1910 • 1911 • 1912 • 1913 • 1914 • 1919 • 1920 • 1921 • 1922 • 1923 • 1924 • 1925 • 1926 • 1927 • 1928 • 1929 • 1930 • 1931 • 1932 • 1933 • 1934 • 1935 • 1936 • 1937 • 1938 • 1939 • 1947 • 1948 • 1949 • 1950 • 1951 • 1952 • 1953 • 1954 • 1955 • 1956 • 1957 • 1958 • 1959 • 1960 • 1961 • 1962 • 1963 • 1964 • 1965 • 1966 • 1967 • 1968 • 1969 • 1970 • 1971 • 1972 • 1973 • 1974 • 1975 • 1976 • 1977 • 1978 • 1979 • 1980 • 1981 • 1982 • 1983 • 1984 • 1985 • 1986 • 1987 • 1988 • 1989 • 1990 • 1991 • 1992 • 1993 • 1994 • 1995 • 1996 • 1997 • 1998 • 1999 • 2000 • 2001 • 2002 • 2003 • 2004 • 2005 • 2006 |