Monarkia
Wikipedia(e)tik
Monarkia estatu baten gobernu era da, non goi kargua biziartekoa den eta oinordekotasunagatik izendatua izaten den. Kargu honi monarka deritzo: errege edo erregina. Kasu gutxietan monarka talde hautatu batek aukeratua izaten da. Monarka batek agindutako estatuari monarkia edota erreinu deritzo.
Tradizionalki monarka estatuaren botere guztien jabe ohi izan da: Botere Legegilea, Botere Betearazlea eta Botere Judiziala. Gobernu era honi Erregimen Zaharra deritzo.
Gaur egun estatu askotan monarka titulua mantentzen da baina ez garai bateko botereak. Hau da monarkia konstituzionalen kasua, hau da, burujabetza herriaren esku dagoen baina Estatuaren Buruzagiaren kargua erregearen esku dagoen demokraziak. Kasu hauetan monarkak ordezkariaren eta arbitroaren papera du eta ez du estatuaren botereetako inor.
Historian zehar monarka askok botere absolutua izan dute, askotan ustezko jatorri jainkotiar bategatik. Aintzinako Egipton, adibidez, faraoia jainko bat zen. Txina inperialean enperadorari gorengo boterea ematen zitazion eta aintzinako Indiako estatu gehienak monarkiak ziren. Erdi aroan monarkia Europan zehar zabalduta zegoen, lurraldea defendatzeko agintari autoritario baten beharragatik. Europear monarkiak dinastikoak ziren: seme zaharrenak oinordetzen zuen tronua. Soldaduak eta armak jauntxo feudaletatik lortzen zituzten, nobleziaren leialtasunaren beharra zutelarik boterea mantentzeko. Erregeen gehiegikeriek eta burgesiaren konformatze ezak monarkia absolutuen gainbehera lagundu zuten: XVII. mendean Ingalaterrako eta XVIII. mendean Frantziako iraultzen botere absolutuaren muga markatu zuten.
Konstituzioarekin mugatutako monarkia baten ideia modernoa Europan zehar poliki kontsolidatzen joan zen. XIX. mendean zehar parlamentuaren boterea hazi egin zen monarkarena gutxitzen zen bitartean, eta mendebaldeko monarkia asko desagertu egin ziren Lehen Mundu Gerraren ostean, Errusiakoa, Alemaniakoa eta Austriakoa kasu. Oraindik monarkia konstituzional asko aurki daitezke, gehienbat batasun nazionalaren sinbolo direnak, besteak beste, Britania Handian, Espainian, Herbeheretan, Norvegian, Suedian, Danimarkan eta Belgikan.
[aldatu] Ikus, gainera
- Monarkia konstituzionala
- Monarkia absolutua