Lauburu
Wikipedia(e)tik
Lauburua antzinatiko euskal ikur esanguratsuena da. Izenak adierazten duen bezala, lau buru borobildun gurutze itxurako gaia da.
[aldatu] Erabilera
Ikur honek eguzkia irudikatzen du, zenbait adituen ustez, eguzki izpiak eta honen mugimendu birakaria era sinbolikoan agertuz. Antzinako euskal erlijioaren seinale, Ama Lurra eta Eguzkia gurtzen ziren garaietakoa. Beste hainbat euskal ikurrek ere irudikatzen dute eguzkia, zurezko kutxa eta hilarrietan zizelkatuak sarriago ikusten ditugunak.
Nahiz eta euskal ikur zabalduenetakoa izan, ez da erabili inongo armarri edo banderan, hau da, ez du XX. mendea arte inolako erabilera instituzionalik izan. Gaur egun sarri erabiltzen da "euskalduntasuna" adierazteko, balio kulturala baitu, ez politikoa. Askotan agertzen da "euskal" jatorriko produktu eta dekorazioan.
Lauburuak harreman estua du zelten gurutze gaeliko eta hiruburuekin, baita ere arioen esbastika ikurrarekin (Indian erruz erabilia, hindu erlijioan, gero naziek hartu eta endekatua). Ahaide urrunagoak ere baditu, Txina eta Koreako hainbat tenplutan agertzen da bizitza edo zortearen ikurra, esaterako.
[aldatu] Etimologia
Lauburuaren berezko esanahi eta jatorria Lau buru da, lau mutur edo buru borobilduz osatutako ikurra baita.
Nahiz eta baieztatu gabe dagoen, batzuen ustetan benetako jatorria labarum da, zeltek erabiltzen zuten lau muturreko ikurraren izena. Horrexegatik, jatorrizko etimologia (p)lab- izango litzateko, mintzatu edo hitz egin. Bertatik eratorriak dira galeseraz llafar (hizkera, hizkuntza), bretoieraz lavar (hitza), irlanderaz labad (hizkera), etab. Hortik, euskarara igarotzean, labarum hitzak lau buru irudizko hitzekin duen antzekotasunarengatik izen hori hartuko omen zuen.