Josu Muguruza
Wikipedia(e)tik
Josu Muguruza Guarrotxena (Bilbo, 1958 - Madril, 1989ko azaroaren 20a) kazetari eta politikaria izan zen.
Josu Muguruza Bilboko Errekaldeberriko auzoan jaio zen. Deustuko Unibertsitatean Pedagogia ikasten hasi ondoren, ikasketak hasi eta EHUn kazetaritza ikasi zuen. Ordurako euskara ikasia zuen eta ASKko militantea zen. 1981ean, poliziak bere neskalaguna zen Elena Bartolome atxilotu ondoren Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.
Erbestean egondako denboran AEKko irakasle izan zen Baionan. Horrez gain, Gure Irratia irratian poesiari buruzko programa bat zuzendu zuen eta Egin egunkariko korrespontsala izan zen. 1984ean Errefuxiatuen Komiteko antolatzaileetako bat zen GALaren urterik odoltsuenetan. Egin egunkarian astero zutabe bat idazten hasi zen, Zohordia ezizena erabilita.
Ipar Euskal Herrian sei urtez bizi izan eta gero, 1987ean frantziako poliziak atxilotu eta Espainiara eraman zuten. Donostia eta Madrilgo kartzeletan egon eta gero, hilabete gutxiren buruan libre utzi zuten. Euskal Herrira itzulitakoan, Herri Batasuneko mahai nazionalean parte hartu zuen. Horrez gain, Egin egunkarian lanean hasi zen berriz ere, politikako ataleko kronikak idazten "Iratzar" ezizenarekin. Argeleko hizketaldietako prestaketan jardun zuenetako bat izan zen.
[aldatu] Erailketa
1984ko azaroan Tasio Erkizia ordezkatu zuen Madrilgo gorteetan Herri Batasuneko diputatu moduan. 1989ko azaroaren 20ean, Madrilgo Alcala Hotelean bere alderdiko beste kide batzurekin parlamentuko lana prestatzen ziharduela, armaturiko bi lagunek tiro egin zioten eta hil egin zuten. Heriotza, Euskal Herrian greba orokorrerako deialdia sorrarazi zuen.
Bost urte lehenago Santiago Brouardekin gertatu bezala, erahilketa egiteko aukeraturiko eguna ez zen kasualitatea izan. Francisco Franco eta Primo de Riveraren heriotzak gertaturiko egun bera izan zen.