Bernart Etxepare
Wikipedia(e)tik
Bernart (Bernat edo Beñat) Etxepare euskarazko lehen liburu inprimatuaren idazlea zen
Nafarroa Behereakoa zen eta Garaziko eskualdekoa hain zuzen. Sarasketan jaio zela uste da, XV. mendearen azken hamarkadetan (1480an ?), eta bere bizimodurik gehiena ere Garazi aldean igaro zuen, Eiheralarreko erretore eta Donibane Garaziko bikario izan zelarik.
Bernart Etxepareri, Nafarroako erreinuan 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea tokatu zitzaion. Bere poema batean aitortzen du, espetxea ere ezagutu zuela. Atxilotzearen zergatiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izana leporatuko zioten; beste batzuek, ordea, gartzelaratzeko arrazoiak politikoak baino gehiago moralak izango zirela uste dute.
Hala ere Etxeparek ozenki aldarrikatu zuen bere errugabetasuna. Harrez gero, bere poema liburua idatzi zuenean, argitaratu zioten. Sasoi hartarako ez zen gutxi euskarazko lehenbizikoa zela kontuan izanik. Bordelen plazaratu zen 1545ean liburua, Linguae vasconum primitiae izenburuarekin. Tituluan bertan, hitzaurrean eta amaierako poemetan nabarmen azaltzen du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari "kanpora, plazara dantzara" irtetzeko agintzen dio; eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzatela nahi du, moldiztegiaren bitartez euren burua erakutsiz.
Amaierako kontrapasaren hasierak honela dio:
- Heuscara ialgui adi campora
- Garacico herria
- Benedica dadila
- Heuscarari eman dio
- Behar duyen thornuya.
- Heuscara
- Ialgui adi plaçara
- Berce gendec vste çuten
- Ecin scriba çayteyen
- Oray dute phorogatu
- Enganatu cirela.
- Heuscara
- Ialgui adi mundura