Secundino Zuazo
Wikipedia(e)tik
Secundino Zuazo Ugalde (Bilbo, 1887 maiatzaren 21 – Madril, 1971 uztailaren 21) euskal arkitekto arrazionalista zen.
Ikasketak Madrilen egin eta 1913an diplomatu zen. 1920an International Congress on House Construction and Urban Planning biltzarrera joan zen Londresera, etxebizitzaren arazoa eta hiri handien plangintza gai garrantzitsutzat zituelako. 1925ean Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketan parte hartu zuen Parisen. Han arkitekto holandar garaikideak topatu zituen, adreilua erabiltzen zutenak holandar tradizioari jarraiki baina guztiz modu berrian erabiliz. Hurrengo urteetan maiz joan zen Holandara eta askotan elkartu zen Amsterdamgo Eskolako kideekin. Espainiako Gerra Zibilean Parisera erbesteratu zen eta Espainiara itzuli zenean Las Palmas Kanaria Handikoan egon zen zigortua 1939-42 artean.
[aldatu] Lan garrantzitsuak
Bere lanik ezagunena "Loreen Etxea" (Casa de las Flores) dugu, Madrilen eraikia 1930-32 urteetan. Proiektuak etxadi edo etxe-uharte osoa hartzen du eta aldi berean eraiki zen, Madrilgo zabalguneko Castro Planeko etxebizitza gehienak ez bezala. Adibide izateko asmoarekin jaio zen, arkitekturaren eta hirigintzaren alorretan, 1860ko Zabalgune Planak markatutakoa baino hiri hobea eraiki zitekeela argi erakutsiz. Hori lortzeko, perimetroari atxikitzen zaion lerro-eraikin bikoitza eraiki zituen, tarteko patio luzeek bi blokeak banatuz, non eskailerak bakarrik tartekatzen diren. Etxadiaren erdian gune berde handi bat dago, Rodríguez San Pedro eta Meléndez Valdés kaleetara irekitzen dena.
- 1919 : Hotela, El Escorial, Madril
- 1924-26 : Musika Jauregia, Madril
- 1927 : Postetxea, Bilbo
- 1929 : Martínez Sierra hotela, Madril
- 1930 : Madrilgo Zabalgune Plana, Madril
- 1930-32 : Loreen Etxea (Casa de las Flores), Madril
- 1931 : Etxea Antonio Maura kalean, Madril
- 1931 : Plaza de la Independencia-ko Etxebizitzak, Madril
- 1932 : Espainiako Bankua, Kordoba, Espainia
- 1932 : Espainiako Bankua, Granada, Espainia
- 1935 : Recoletos pilotalekua, Madril (Eduardo Torrojarekin)
- 1961 : Jai-Alai pilotalekua (?), Donostia