Jon Mirande
Wikipedia(e)tik
Jon Mirande (Paris, 1925 azaroaren 10 - Paris, 1972 abenduaren 28) euskal idazlea izan zen, XX. mendeko olerkari garrantzitsuenetakoa.
Parisen kokatutako zuberotarren semea, 1944 urtean Frantziako Finantza Ministerioaren hasi zen lanean itzulpengintzan. Bizitza osoan zehar egin zuen lan hura. Hainbat hizkuntza menderatzen zituen, batez ere hizkuntza keltiarrak. Europako hizkuntza gutxituen alde lan egin zuen. Kultura europar bat zegoela sinisten zuen, arrazan oinarritutakoa.
Eduki-taula |
[aldatu] Lana
Poesia landu zuen batez ere, erotika, heriotza, paganismoa eta abertzaletasuna ziren gehienetan erabiltzen zituen gaiak.
Berak sortutako ipuinez gain, zenbait ipuin ere baditu itzuliak tartean, E.A.Poe eta Franz Kafka-renak.
Igela, euskaldun heterodoxoen errebista aldizkaria argitaratu zuen aldi batean Txomin Peillen-ekin batera, bertan poesia, kritikak, herri literatura... jasotzen dituelarik. Bertan jorratzen ditu ordura arte euskaldunen artean tabuak ziren gaiak eta kritikak, hala nola, paganismoa, sexua, biolentzia, demokraziari kritika...
Nobela bakarra idatzi zuen: Haur besoetakoa. Azken hau da Miranderen obra ezagun eta aldi beran polemikoena, pedofilia, erotismoa, gizartearen hipokrisiaren kritika (moralaren kritika)... bezelako gaiak agertzen bait dira nobela honetan.
[aldatu] Pentsakera
Nabaria da Nietzsche, Spengler eta Schopenhauer-en eragina bere pentsamenduan. Garaiko abertzaletasuna gogorki kritikatu zuen, bere moral judu-kristaua salatuz. Bere ustez euskaldunaren jatorrizko izpiritua askea eta indartsua da, bortitza. Bere iritziz euskaldunak zeharo ahulduta dauka izpiritua moral judu-kristauaren eta demokrazien erruz, eta aspaldiko izpiritu bortitza berreskuratu beharra dauka. Soilik horrela lortuko omen dute euskaldunek Euskal Herriaren independentzia; demokraziaren bidez ez omen da askatasunik lortuko. Marxismoari ere kritika gogorra egin zion. Ideia nazional-sozialistak bereganatu zituen eta ez zuen bere arrazismoa ezkutatu.
Abertzale erradikala zen arren, bere ideiengatik baztertua izan zen abertzaleen artean ere, eta askotan bere arrazismoagatik eta ideia "faxistengatik" soilik gogoratua izan da, eta horregatik gehienetan gaizki ulertua izan da. Bere garaian ez zuen inork ulertu bere pentsakera. Bereengandik baztertua sentitzeak euskaraz idaztea uztera eraman zuen eta, azkenean, bere buruhilketara.
Joxe Azurmendik sakonki aztertu du zenbait lanetan Miranderen pentsakera, aurriritzirik gabe.
[aldatu] Iritzi kritikoa
Parisen, laikotasunaren hiriburuan sortu, hazi, hezi eta bizi izanak, ukatu ezinezko eragina du Miranderen lanetan. Nabarmena da Europa eta Mendebaldeko pentsalari eta olerkarien ezagupena eta haietako askoren eragina.
Erlijio katolikoak Greziako espirituaren eta paganismoaren gainbehera ekarri zuen. Mirandek, Greziako mitologia eta paganismoarekiko miresmena aitortzen du, eta kristau-zibilizazioaren eta arrazionalismoaren aurkako jarrera tinkoa hartzen. Euskal gizartean garri hartan indarrean zegoen moralitatearen zutabe nagusiak astindu zituen era satirikoan eta ironiaz. Mendebaldeko zibilizazioak kondenatu eta luzaroan estalita eduki dituen indarrak berpiztu nahi ditu Mirandek. Europa iparraldeko mitologia zaharreko jainko eta jeinuen inbokazioa ere: “Wotan”, “Odin”, “Eidol”...; baita akelarre, sorgin eta gainontzeko sinbolo paganoen miresmena ere, Europako iparraldeko ganduetatik berreskuratuko lamia zeltarrekin batera. Kristautasunak baztertu eta askotan sutara bota zituen mitologia eta sineskera zahar horietan aurkitu uste du Mirandek paradisua galdua.
Miranderen irudikeria poetikoan: ametsa/ura/arima/kantu edo musika/ urruntasuna/ paganismoa/heriotza... eta ametsarekin batera nostalgia edo mina (herri-min, elhur-min, gau-min...). Min hori iraganeko Gazteen Lurraren edo bere gaztaroaren mina edo gizarteak galarazi digun berezko izate askea galdu izanaren mina zen.
Formari dagokionez, era askotako neurri eta baliabideak erabiltzen ditu, eta idaztankera laburgarriak kontzeptismora hurbiltzen du. Estiloa: berria eta bere obrak ulertzen zailak dira.
[aldatu] Lan garrantzitsuak
Aldizkariak
- Igela, euskaldun heterodoxoen errebista 1979, Hordago
Antologia
- Jon Miranderen idazlan hautatuak 1976, Gero
- Obra osoa 1999, Hiria
Artikuluak
- Miranderen lan kritikoak 1985, Pamiela
Gutunak
- Jon Miranderen gutunak 1948-1972 1995, Susa
Narrazioa
- Gauaz parke batean 1984, Elkar
Nobela
- Haur besoetakoa 1970, Kriselu-Lur
Poesia
- Orhoituz 1976, Kriselu
- Ene jainko-eidol zaharra, lur! 1984, Elkar
- Poemak 1950-1966 1984, Erein
- Ilhun-argiak 1992, EHU-UPV
- XX. mendeko poesia kaierak - Jon Mirande 2002, Susa
Miranderi buruzko lanak
- Mirande eta kristautasuna Joxe Azurmendi
- Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan Joxe azurmendi
[aldatu] Kanpo loturak
- Igela aldizkariaren ale guztiak
- Jon Miranderi buruz
- Jon Miranderen poemak faksimilean