Isozaki Atea
Wikipedia(e)tik
Isozaki Atea Bilbon eraikitzen ari den etxebizitza proiektu bat da. Bilboko Abandoko auzoko Uribitarte alderdian alegia. Proiektua, bi dorre eta altuera txikiagoko beste hiru eraikinek osatzen dute. Egilea Arata Isozaki arkitekto japoniarrarena eta Iñaki Aurrekoetxea arkitekto euskalduna dira.
Eduki-taula |
[aldatu] Proiektua
[aldatu] Aurrekariak
Isozaki Atea altxatzen den gunean "Depositu Frankoa" izeneko eraikina altxatu zuten 1920ko hamarkadan, Ricardo Bastida arkitektoak egina. Eraikina Bilboko portuaren ihardueretarako erabili zen, baina 1970ko hamarkadan erabiltzeari utzi zitzaion. Bilboko udala eraikinari irtenbide bat topatu nahiean, proiektu bat onartu zuen. Proiektu haren arabera eraikinaren kanpoaldea mantendua izango zen, baina barrukaldea eraitsi eta berriz eraikiko zen.
Obrak hasi eta urte ta erdi geroago, eraikuntzaz arduratzen zen enpresak porrot egin, eta proiektua bertan behera geratu zen. Eraikuntzak ondorengo urteetan abandonaturik jarraituko zuen, enpresa ezberdinek gune hartan zer egitea pentsatuta zeukan udaletxeari proposatzen zieten bitartean. Proposamen haietako batek, Argentaria bankuak egina, 200 metroko etxebizitza dorre bat proposatzen zuen. Udalak ez zuen onartu.
[aldatu] Isozaki Atea
Arata Isozaki arkitektoaren proiektuaren lehen proposamenetik onartu zen arte hainbat aldakuntza jasan zituen. Hasieran 26 solairuetako bi dorre proposatzen zituen Bilboko Ercilla kalearen hasieran kokaturik. Azkenik, 22 pisutara murriztu zen dorreen altuera. Proiektuak antzinako eraikinaren horma batzuk mantentzen zituen, dorre eta etxebizitza berriekin batera.
Dorreak etxeorratz askok bezala, altzairuzko jazenak ditu. Eraikuntzaren fatxadak, kristala eta harria batzen ditu. Dorreen behekaldean harri berde-grisa dago eta dorrearen gainerakoan gortina horma urdin iluna. Dorreen ondoan dauden eraikin txikiagoek adreilua eta harri berde-grisezko fatxadak dauzkate. Isozaki Atea konplexua orotara 254 etxebizitzaz osaturik dago eta 91 milioi euroko kostua izango du. Horrez gain, 3.753 metro karratu erabilpen komertziala izango dute, eta 1.360 metro karratuk bulego erabilpena.
[aldatu] Eraikuntza
Dorreen inguruan bizi diren bizilagunak elkarte bat osatu zuten proiektua ez eraikitzeko, baina azkenik auzitegietan galdu eta gero dorreen eraikuntzari ekin zitzaion. 2003ko udan 1980ko hamarkada bukaeran Depositu Frankoan eraikitako egituraren eraisketa hasi zen. Lurrazaleko solairuak bakarrik eraitsi ziren, lurpean eraikitako bost solairuak mantendu zirelarik.
Dorreen benetako eraikitze lanak ez ziren 2003ko urte bukaerararte hasiko. Guztira sei eraikuntza garabi erabili dituzte eraikin desberdinak altxatzeko. Lehenik altxatzen hasi zirena lehen dorrea izan zen eta ondoren bigarren dorrea. Lehen dorreak 2005eko martxoan eskuratu zuen altuera maximoa, 83 metroko altuera guztira. Bigarren dorreak bestetik 2005eko uztailean eskuratu zuen altuera maximoa.
Behin eraikuntza amaituta, hilabete batzuk beranduago, dorreen fatxada jartzen hasi ziren. Etxebizitza dorreak izan arren, bulego eraikinek izaten duten kristalezko horma dute dorreek. Horregatik, lehenik eta behin kristalezko xaflak jarriko ziren eusgailuak ipini zituzten. Behin eusgailuak jarrita, gortina horma jartzen hasi ziren. Lehen dorrean 2006ko otsailean eta bigarren dorrean 2006ko maiatzean.
Eraikuntzak aurrera zihoan einean eraikuntza garabietako bi kendu zituzten 2006ko uztailean. Oraindik dorreak amaitu gabe daude, baina dagoeneko fatxadaren gehiengoa jarrita dago. Horrez gain, ondoko eraikin baxuagoetako fatxada ere nahiko aurreraturik doa. Ondoan dagoen Zubizuri zubiarekin batuko dituen oinezkoen pasabidea eraiki gabe dago. Baina Mazarredo zumarkalea eta Isozaki Atearen arteko eskailera berriak eraikita daude honezkero.
Bi dorren artean dauden eskilarak, Uribitarte eta Mazarredo zumarkalea batzen dituztenak, 2007ko otsailerako inauguratzeko asmoa dago. 2006ko azaroan 35 etxebizitza geratzen ziren saltzeko oraindik. Proiektuaz arduratzen den higiezinen agentziaren arabera etxebizitza guztiak 2007ko udazkenerako egongo dira bukaturik.
[aldatu] Isozaki Atean parte hartu duten enpresak
- Arkitektoak: Arata Isozaki eta Iñaki Aurrekoetxea
- Eraikuntza enpresak: Dragados eta Fonorte
- Higiezinen Agentzia: Fincas Abando
- Eraikuntza garabi hornitzailea: Jaso S.L.
- Gortina Horma: Fachadas Ligeras Rilova
- Porlana: Hormigones Vascos S.A.
- Ingeniaritza estrukturala: Robert Brufau y Asociados
- Zimendatzea: Cimentaciones Abando
- Harriaren hornitzailea: Dolcestone, Grupo Jorge Fernandez