Ho Chi Minh
Wikipedia(e)tik
Ho Chi Minhek (vietnameraz "Hồ Chí Minh"; txineraz 胡志明) Nguyễn Sinh Cung zuen izena, eta "Bác Hồ" (Osaba Ho) bezala ere ezagutzen zen. 1890eko maiatzaren 19an jaio eta 1969ko irailaren 3an zendu zen. Politikari eta iraultzaile vietnamdarra izan zen, eta Ipar Vietnamgo presidente 1954 eta 1969 urteen artean.
Nguyễn Sinh Cung 15 urterekin Europara joan zen, denboraldi handiena (1915-1923) Frantzian igaroz. Bertan komunismoarekin bat egin zuen. PCF Frantziako Alderdi Komunistan parte hartu zuen, Moskura bidaiatuz. Ondoren, Komintern-ek (III. Internazionala) Hong Kongera bidali zuen. Bertan Indotxinako Alderdi Komunista sortu zuen, Vietnamen 1930. urtean jazotako errebolten ostean.
Garai hartan hartu zuen Ho Chi Minh (argitzen duena) izena, 1941ean Vietnamera itzuliz, Viet Minh mugimendua sortzeko (Vietnamen Independentziarako Liga).
1945eko irailaren 2an Vietnamen independentzia aldarrikatu zuen Ho Chi Minhek. Koloniaren metropoliak, Frantziak, ez zuen aldarrikapena onartu, eta 1946an gerra hasi zen. Vietnamdarrek garaipen erabakigarria lortu zuten Dien Bien Phu-nen (1954ko maiatzaren 7a), Ho Chi Minh Vietnamgo Errepublika Demokratikoko presidente aldarrikatuz. Bere eragina, hala ere, Vietnamen iparraldera mugatzen zen, hegoaldean Amerikako Estatu Batuen laguntza osoa zuen erregimen diktatorial bat garatu zen bitartean.
1959an ho Chi Minhek Hego Vietnamgo gerrilla laguntzea erabaki zuen, Nazio Askapenerako Frontea (FNL). Honi erantzunez AEBek Vietnamen esku hartu zuten.
Gerrak 1975era arte iraun zuen. Urte horretako apirilaren 30ean Ipar Vietnamgo tropek Hego Vietnamgo hiriburua zen Saigon hartu eta Vietnamgo Errepublika Sozialista aldarrikatu zuten. Saigoni izena aldatu eta Ho Chi Minh izendatu zuten.