Beira
Wikipedia(e)tik
Beira material gogor, hauskor eta zeharargia da, 1250 ºC-tan ematen den silize hare (Si O2), sodio karbonato (Na2 CO3) eta kaltzio karbonatoaren (CaCO3) fusiotik lortzen dena. Bero eta urtua dagoen bitartean lantzeko duen erraztasunak erabilpen ugari eman dizkio.
[aldatu] Jatorria
Nahiz eta ez dagoen adostasunik beiraren jatorriari buruz, kondairen arabera merkatari Feniziarren asmakuntza litzateke. Merkatariok silizean aberatsa den Siriako kostaldera iritsi zirenean, sodio karbonato blokeak erabili omen zituzten suak egiteko, eta orduan eragin zuten lehenengo aldiz beiraren sorkuntzaren prozesu kimikoa.
[aldatu] Historia
Izan zuen lehenengo erabilera, apaingarriena izan zen. Beste mineral batzuekin nahastuz, kolore desberdinetako piezak lortzen dira.
Erromatarren garaian, beira puztuaren teknika asmatu zen, ontzien fabrikazioa ahalbideratu zuena, eta baita lehioentzako xaflena ere. Hala ere, xafla hauek oso tamainu txikia har zezaketen.
Erdi Aroan katedral gotikoetako beirateetan asko erabili zen, artisautza maila izugarrietara iritsi zelarik. Beirateok beiraz eginiko artelanetan ederrenetarikoak dira.
XIX. mendearen lehenengo urteetan beiraren industriak bultzada izugarria jaso zuen sosaren produkzioaren merketzea zela eta. Hortik aurrera beiraren munduak ikaragarrizko iraultza sufritu zuen, kalitate handiko tresna optikoak fabrikatu ziren, ontzi eta botilen erabilera asko hedatu zen, eta eraikuntzan altzairuarekin batera gero eta gehiago erabiltzen hasi zen.
Gaur egun nonahi aurki dezakegu beira gure inguruan, eraikin eta eguneroko objektuetatik hasita, zuntz optikoko komunikazio kableetaraino.