Bizantziar Inperioa
Wikipedia(e)tik
Bizantziar Inperioa, baita ere Ekialdeko Erromatar Inperioa izendatua hasierako garaian, Erdi Aroko inperio kristaua izan zen, greziar edo heleniar kulturakoa. Hiriburua Konstantinopolis zen, Bizantzio ere deitua (gaur egungo Istanbul).
Inperio honen sorrera Erromatar Inperioaren erorketari hertsiki lotua dago. Hasiera batean Ekialdeko Mediterranear itsaso inguruko lurraldeak barne hartzen bazituen ere, lurralde eremuak galtzen joan zen gutxinaka.
Inperio honen sorrera urteari dagokionez, ez dago adostasunik historialarien artean. Egile batzuetzat, Konstantinopolisen fundazioarekin, 330an, ematen zaio hasiera; beste batzuentzat, aldiz, Teodosio I.goaren heriotza izan behar da kontuan (395. urtea). 395ean, hain zuzen, Inperio Erromatarra bi zatitan banatu zuten: mendebaldea eta ekialdea (azken hau dagokio Bizantziar Inperioari). Historialarien hirugarren korronte batek, bere aldetik, inperioaren sorrera data 476an jartzen du, noiz Mendebaldeko azken enperadore erromatarra (Romulo Augustulo) boteretik kendu baitzuten.
Bizantziar Inperiaren erorketa 1453an gertatu zen, Konstantinopla otomandarrek eskuratu zutenean. Hala ere, inperio honen sentimendu nazionalak ez ziren desagertu, gaur egungo Greziako biztanleek euren burua tradizio bizantziarraren jarraitzaile gisa ikusten baitute.