Mugimendu Browndarra
Wikipedia(e)tik
Mugimendu Browndarra partikula mikroskopiko batzuek ingurune fluido batean izaten duten higidurari deitzen zaio. Partikula hauek higidura aleatorio xelebrea daukate, badirudi ezerk bultzatu gabe mugitzen direla norabide jakinik gabe.
Mugimendu harrigarri honen arrazoia hau da: partikula etengabe kolpatzen dute termikoki kitzikatuta dauden fluido molekulek. Hori gorputz handiagoetan berdin gertatzen da, baina handia denez molekulekin konparatuz, ez diote eragiten, kolpeak uniformeak bait dira bere gainazal osoan. Partikula mikroskopikoa denean ordea, kolpe hauek ez dira uniformeak norabide guztietan, eta aldakorrak izango dira. Ondorioz, deskribatutako mugimendua sortzen da.
Robert Brown botanikari eskoziarrak deskribatu zuen mugimendu hau 1827an, mikroskopioz polen partikulek uretan zuen portaera aurkitu zuenean, eta bere omenez jarri zioten izena fenomeno honi. Fenomenoa behin eta berriz aztertu ondoren ondorio honetara iritsi zen: mugimendua hau ez zuela sortzen fluidoaren korronteagatik, ezta ere uraren lurruntzeagatik. Michael Faraday fisikari ingeles ospetsua bere alde agertu zen; hala ere, biek onartu zuten ez zekitela zein zen fenomeno honen azalpena.
Albert Einsteinek argitu zuen arazoa 1905ean. Urte horretan artikulu bat argitaratu zuen, non xehetasun handiz azaltzen zuen mugimendu hori, eta likido batean esekiduran zegoen partikula baten batze besteko ibilbidea neurtu zuen. Teoria horrekin, atomoen existentzia frogatu zuen: garai hartan zientzialari askok ez zituzten atomoak erabat onartzen. Aldi berean fisika estatistikoari hasiera ematen dio.