Leon Trotski
Wikipedia(e)tik
Lev Davidovich Bronstein (Лев Давидович Бронштейн), Lev Trotski (Троцкий) edo Leon Trotski bezala ere ezagutzen dena. Iraultzaile komunista errusiar-ukrainarra, jatorri judutarrekoa. 1877ko urriaren 26an jaioa (azaroaren 7an, egutegi gregoriotararen arabera), 1940an eraila, Coyoacan-en (Mexiko).
Eduki-taula |
[aldatu] Hasierako urteak
Nekazaritzan ziharduen eta jabetzak zituen familia bateko bostgarren semea zen. Familia judutarra zen, nahiz eta ez zuten erlijioa praktikatzen. Etxeko hizkuntzak errusiera eta ukrainera ziren.
Odessako unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen. Nikolayev-era ikastera joan zenean (1897. urtean) hasi zen bere jarduera politikoa, Errusia Hegoaldeko Langile Liga antolatuz. Tsarraren erregimenak hainbatean atxilotu zuen, Siberiara deserriratuz. 1902an Siberiatik ihes egin eta Londresera joan zen, non Lenin ezagutu baitzuen, Errusiako sozialdemokraziako (garaiko komunisten izena) boltxevikeen burua. Hala ere, Trotskik mentxevikeekin bat egin zuen (Errusiako Alderdi Sozialdemokratako gehiengoa zen fakzioa).
Errusiara itzuli zen 1905eko Iraultzan parte hartu asmoz. Bertan lehenengo sobieta antolatu zuen. Iraultzak porrot egitean atxilotu eta Siberiara bidali zuten. Hala ere, handik ihes egin zuen berriro 1906an.
[aldatu] 1917ko Iraultza eta gobernu sobietarra
1917ko otsaileko iraultza (Nikolas II tsarra boteretik kendu zuen iraultza) eman eta berehala , Errusiara joan zen. Mentxevikeak utzi eta boltxevikeekin bat egin zuen, Petrogradoko Sobieteko presidente bilakatuz. 1917ko urriko iraultzan, Neguko Jauregia hartzeko operazioetan parte hartu zuen. Handik aurrera, boltxevikeek boterea eskuratu eta komunismoaren printzipioetan oinarritutako estatua eraiki zuten.
Trotski Kanpo Arazoetako komisarioa izan zen (1917-1918), Alemaniarekin Brest-Litovsk Bakea sinatuz eta, ondorioz, Errusia Lehen Mundu Gerratik atereaz. 1918tik 1925era Gerra komisarioa izan zen, Armada Gorria antolatuz eta gerra zibila (1918-1920) irabaziz. Era berean, Ukrainan Nestor Makhno eta bere jarraitzaileek, anarkismoan oinarrituz garatutako komuna federatuak gogorki zapaldu zituen.
[aldatu] Zatiketa eta hilketa
Trotskik Iraultza jarraitua-ren printzipioa garatu zuen, Stalinen Sozialismoa herrialde bakarrean tesiaren aurka. Lenin hil eta gero, Stalinek boterea eskuratu zuen, Trotskiren gainbehera azkartuz: 1925ean Alderdi Komunistako zuzendaritzatik bota zuten, 1927an alderditik espultsatu zuten, 1928an Kazakhstanera deportatu zuten eta 1929an Errusiatik bota zuten.
Erbestean (Mexikon batez ere) Trotskik bere ideiak defendatzen jarraitu zuen. Obra ugari idatzi zuen, besteak beste: Iraultza jarraitua 1930ean edo Errusiako Iraultzaren Historia 1932an. Bere jarraitzaileek Stalinekin bat egiten ez zuten alderdi komunistak sortu zituzten hainbat herrialdetan, beraiek Ezkerreko Oposizio Komunista deitzen zuten eta trotskismoa bezala ezagutua izango zen korrontea garatuz. Korronte komunista hau 1938an IV. Internazionalaren baitan egituratu zen.
Komunista ugarik, hala ere, trotskismoa zatiketa eta traizioarekin identifikatu zuen. Trotskisten estalinismoa kontzeptua erabiltzen zuten hauetaz aritzeko.
1940an, Stalinen agente batek, Ramon Mercader katalana (PSUC Kataluniako Alderdi Sozialistako militantea), piolet batez erail zuen Trotski Mexikon, Diego Rivera eta Frida Kahlo artista mexikarren etxean bizi zela.